Ángel Rubio, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialen Fisikako katedraduna, Nano-bio Spectroscopy Group ikertaldeko arduraduna eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter-eko Teoria Saileko zuzendaria, Berlin-Brandenburgischen Akademie der Wissenschaftenen (BBWA) akademiko izendatu berri dute, zientzia naturalen eta matematiken atalean, “egoera solidoaren fisika konputazionalean duen lidergoagatik, bereziki material berrien propietateak eskala nanometrikoan iragartzeagatik eta, oraintsuago, materiaren orekarik ezaren fase berriengatik. Materialen fisika konputazionalean munduko zientzialaririk garrantzitsuenetako, sortzaileenetako eta zientifikoki eraginkorrenetako bat da, eta ‘espektroskopia teoriko’ modernoaren sortzaileetako bat”.
Berlin-Brandenburgoko Zientzien eta Giza Zientzien Akademia 300 urteko tradizioko zientzia elkarte bat da, eta 80 Nobel saridunek eman diote forma bere historiari. Gaur egun, akademikoen diziplinarteko elkarte bat da, 400 kide inguru ditu –denak ere ordezkari nabarmenak dira nor bere ezagutza eremuan–, eta mundu osoko zientzialariekin kolaboratzen du.
Akademiko berriaren hitzetan, izendapen berri hau “pribilegio eta poz pertsonal bat da. Ohore handi eta xume bat da nire izena zientzien garapenean (bertsio guztietan, baina, zehazki, fisika kuantikoan eta materialen fisikan) historia markatu duten akademia honetako kide historikoen zerrendan ikustea”.
Ángel Rubio Zientziaren Aurrerapenerako Estatu Batuetako Elkarteko (AAAS) osoko kidea da, Estatu Batuetako Zientzia Akademia (NAS) ospetsuko atzerriko kidea, Estatu Batuetako Fisikako Elkarteko (APS) kide ikertzailea, Europako Fisikako Elkarteko (EPS) kidea eta Europako Zientzia Akademiako (AE) kidea, zientziari egindako ekarpen nabarmenaren aitortza gisa. 2020an, Europako Zientzien Akademiako kide izateko aukeratu zuten. Era berean, zientziaren arloko sari ugari jaso ditu. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 2018ko Max Born domina eta saria, Alexander von Humboldt fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Rei Jaume I saria, oinarrizko zientziaren arloan. Ikerketarako Europako Kontseiluak ematen dituen itzal handiko ERC Advanced Grants dirulaguntzetako bat bi aldiz jaso du. European Research Council erakundearen itzal handiko dirulaguntza horiek Europako zientzialari gailenei eta proiektu abangoardistenei bakarrik ematen zaizkie. Era berean, Espainiako Fisikako Erret Elkarteak 2016an domina bat eman zion. Erakunde horrek Rubio irakaslearen lana aintzatesten zuen bigarren aldia zen. 1991n, ikertzaile berrien saria eman zion.