Bingen Zupiriak EUSKARALDIAn belarriprest eta ahobiziek izena emateko epea irekiko dela gizarteratzeko ekitaldian parte hartuko du ugu Bilbon

Bi hilabete baino gutxiago gelditzen dira Euskaraldia abian jartzeko, eta gaurtik aurrera izango dute herritarrek ariketan izena emateko aukera. Izen-ematearen abiatzea ospatzeko bildu dira gaur, Bilboko Kafe Antzokian, herrietako batzordeetako kideak, entitateetako arduradunak, euskalgintzako eta gizarte alorreko kideak eta erakundeetako ordezkariak.

Mirari Martiarena eta Kepa Errastiren gidaritzapean, ekitaldiaz gozatu ahal izan dute bertaratuek: bakarrizketak, herri batzordeetako kideen ekarpenak, Zirkuolako kideen eskutik ikuskizuna, erakundeetako ordezkarien hitzartzeak eta Liher taldearen musika emankizunaz gozatzeko aukera izan dute, besteak beste.

Izen-ematea irekita, berritasunekin

Gaurtik aurrera, beraz, belarriprest eta ahobizi gisa ariketa sozialean parte hartu nahi duen orok izango du izena emateko aukera. Aurten, ordea, aurreko urteetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, www.euskaraldia.eus gunean sartuta edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez.

Antolatzaileen esanetan, “beste behin ere, lortu nahi dugu herritarren hizkuntza ohituretan eta praktika linguistikoetan euskarak gero eta leku zabalagoa izan dezan”

Orain hasi eta ariketa bukatzen den arte Euskaraldian parte hartuko duten belarriprest eta ahobiziei informazioa eta aholkuak ematen jardungo dute ekimena antolatzen ari diren herri batzorde eta koordinazioko kideek. Izan ere, “belarriprest eta ahobizi guztiek ariketa ahalik eta modu prestatu eta erosoenean” egitea nahi dute.

Ekitaldian ikusi den moduan, hurrengo asteetan ere, Euskaraldiaren aurreko edizioetan herritarrek beraien hizkuntza ohiturak aldatuz izan zituzten lorpenak bistaratuko dituzte; eta baita datorren ariketa honetan belarriprest, ahobizi eta entitateek hartuko dituzten erronkak ere. Izan ere, antolatzaileek azaldu duten moduan, “lorpenak behar ditugu, euskaraz bizitzeko urrats berriak. Zinez uste dugu lorpen askoren gehiketatik joango garela gizartean euskararen presentzia handitzeko urratsak ematen”.

Entitateetan ariguneak osatzeko aukera zabalik

Maiatzean ireki zen entitateek ariguneak osatu eta ariketan izena emateko aukera, eta oraindik ere urriaren 31a arte mota guztietako entitateek (denda, elkarte, kirol-talde, enpresa edota erakunde) aukera izango dute ariguneak identifikatu eta Euskaraldian talde moduan parte hartzeko.

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria: “Euskal Herri osoa berraktibatzen ari dela ikusten ari gara. Itxaropentsu gaude, Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten ere Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen baitugu. Beraz, gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei dei egiten diegu aurtengo ariketan parte hartzeko. Euskaraldia, maila indibidualean nahiz kolektiboan erabilera-dinamikak abiatzeko edo indartzeko aukera paregabea da. Beraz, animatu eta bakoitzak gure lorpenak eta erronkak plazaratu ditzagun; hau ez baita euskararen aldeko egitasmo bat, erabileran urrats zehatzak emateko ariketa baizik: bai herritarrentzat eta baita erakunde eta gizarte eragileentzat ere.”

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua eta bozeramaileak ariguneen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “aurreko edizioan, 2020koan jarri genituen martxan ariguneak. Pandemiaren momentu latzenetan geunden eta bagenekien ez zela erraza izango ariguneak martxan jartzea. Baina hala ere, 8.000 egoitza baino gehiagok eman zuten izena Euskaraldian eta 24.000 arigune sortu ziren. Bide horretan jarraitu nahi dugu. Ariguneen eragina handia da, arigunea osatzen duten partaideengan eragiteaz gain, entitatean euskararen erabileran urrats berriak emateko abiapuntu izan daitezkeelako eta entitateetatik kanpora herritar multzo zabalagoetara heltzeko aukera ematen duelako. Ariguneek duten garrantziaz jabetuta, bultzada handiagoa eman behar diegu eta hirugarren Euskaraldia honetan (eta hurrengoetan) ariguneetan salto kuantitatibo eta kualitatiboa emateko aukera izango dugu”. 

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria: “uste dut oso bilakaera oparoa dela hiru edizio hauetan izan dena. Elkarlana da Euskaraldiaren abiapuntua eta oinarria, eta honetan denok gara beharrezko eta dugu zeregina: Nafarroako Gobernua erakunde publiko gisa, Euskaltzaleen Topagunea gizarte zibil antolatu moduan, eta gero haien borondatez, eta gogotsu, animatzen diren tokiko erakundeak, era guztietako entitateak eta askotariko norbanakoak.”