SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendari Cristina Oyónek esan duenez, garapen profesionala, lidergoa eta sektorerako sarbidea dira hiru ekintza-esparru nagusiak emakumeek industria sektorean jasaten duten desberdintasuna desagerrarazteko. Gaur egun, industria arloko enpleguen % 20 eta zuzendari nagusien postuen % 9 bakarrik dira emakumeenak.
Cristina Oyón Bruselan izan da asteartean eta asteazkenean, “Shaping the Future of Europe: People Technology. Innovation” lelopean egin den European Manufacturing Conference ekitaldian. Urtero egiten den topaketa bat da, EFFRA-European Factories of the Future Research Association, EIT Manufacturing eta ManuFuture erakundeek antolatua. Hiru erakunde horiek eragile esanguratsuak dira Europako industrian, eta lankidetzaren aldeko apustua egin dute ingurune abegitsu bat sortzeko eta ingurune horretan industria sektorearen erronkak jorratzeko.
SPRI Taldeak ekitaldi horretan parte hartu du “Women in Manufacturing” nazioarteko aditu taldean izan duen lidergoa dela medio. Talde hori World Manufacturing Foundation-en testuinguruan sortu zen 2020an eta bi helburu nagusi ditu: emakumeek industrian duten egoera aztertzea eta egoera hori hobetzeko ekintzak identifikatu eta garatzea.
Oyonek bereziki aipatu du bere hitzaldietan emakumeek industria sektorean jasaten duten desberdintasun egoera. Horri aurre egiteko, eta emakumeen egoera hobetzeko, hiru ekintza-esparru nagusi proposatu ditu. Lehenengoa da sektorerako sarbidea, generoko eten digitalarekin eta emakumeek STEM ikasketekiko duten interes ezarekin lotuta dagoena; bigarrena da garapen profesionala lan-baldintzekin loturik (kontziliazio erantzukidea, soldata-arrakala, etab.); eta hirugarrena lidergoa, lan arlo honetako kristalezko sabaiarekin erlazionaturik.
“Genero berdintasuna ez da bakarrik giza eskubide kontu bat, baizik eta ezinbesteko baldintza bat lehiakortasuna segurtatzeko”, esan du. Aipatu du Aditu Taldeak hiru ekintza-esparru identifikatu dituela bide horretan aurrera egiteko.
Industria erakargarria
Batetik, datuak eta argitalpenak, zeintzuek helburutzat izango baitute industria-jarduerari buruzko datuak generoaren arabera sailkatuta eskura daitezen normalizatzea, emakumeak Industrian duen eboluzioaren jarraipena egin ahal izateko. Gainera, industria erakargarri egin behar da emakumeentzat: erakutsi industria teknologian, berrikuntzan eta jasangarritasunean oinarritutako jarduera ekonomiko bat dela, balioa sortzen duena ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan. Eta azkenik, ezinbestekoa da emakumezko erreferenteak izatea: ikusgarritasuna ematea emakumeek industrian duten parte-hartzeari, bokazio industriala inspiratu eta piztuko duten emakumezko erreferenteak izateko emakume gazteen artean.
Aipatu du horrela bakarrik lortuko dela enpresetan emakumeen proportzioa handitzea eta, horrekin batera, enpresen lehiakortasuna hobetzea. Bere esanetan, frogatuta dago enpresetan emakume proportzio handiagoa izatea lagungarri dela emaitzak hobetzeko, produktibitate-maila handitzeko, erabaki hobeak hartzeko, berrikuntzarako, sormenerako eta eraginkortasunerako. Funtsean, Genero Berdintasunaren Europako Erakundearen arabera, enpresetan genero berdintasuna hobetzeak berekin ekarriko luke Europako per capita BPGda % 6,1etik % 9,6ra bitartean handitzea 2050erako.
Bruselan eginiko konferentzietan elkarrekin bildu dira sektoreetako agente garrantzitsuak, sektore industrial desberdinetako enpresak, goi-mailako legegileak, prestakuntza erakundeak eta pertsonei, teknologiei eta berrikuntzari buruzko ideia-trukeetan interesatutako gizarteko alderdiak. Konferentzia horiek hizpide hartu dituzte, besteak beste, lehiakortasuna eta erresilientzia, fabrikazio berde eta zirkularra, sektoreetako aldaketak, konektagarritasuna eta Estatuko eta Europako finantzaketa-tresnen arteko harremanak.
Cristina Oyónek “Change of work: manufacturing jobs and skilss requirements today and tomorrow” mahai-inguruan parte hartu du Ulla Englemann (Europako Batzordeko GROW zuzendaritza nagusiko burua), Johan Stahre (Chalmers University zentroko irakaslea) eta Paola Fantini-rekin (EIT Manufacturing zentroko hezkuntza zuzendaria), eta hizpide hartu ditu industriak talentuaren arloan dituen erronkak.