Osakidetzak lanean jarraitzen du bularreko minbizia goiz detektatzeko

Laster ospatuko da Bularreko Minbiziaren aurkako Mundu Eguna, urriaren 19an. Hori dela eta, Osakidetzak berriro azpimarratu du minbizia goiz detektatzea oso garrantzitsua dela gaixotasun hori —emakumeen artean ohikoena den tumore mota— garaiz tratatzeko eta haien bizi-kalitatea handitzeko.   Horregatik jarri zuen martxan Osakidetzak duela 27 urte Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa. Horri esker, 11.700 minbizi baino gehiago detektatu ahal izan dira denbora horretan egindako 3 milioi mamografia baino gehiagotan. Detektatutako minbizi-kasu gehienak, zorionez, fase goiztiarretan izan dira, tratamendu eraginkorragoak eta ez hain erasokorrak egiteko aukera emanez.

Detekzio-programak harrera ona izan du Euskadiko emakumeen artean urteetan zehar, eta programaren hartzaile diren biztanleen ia % 80k egin ditu probak. Gaur egun, programan parte hartzeko gonbidapena 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei egiten zaie, baita bularreko minbizia jasan duten lehen mailako senitartekoak (ama, alaba, ahizpa) dituzten 40-49 urtekoei ere. Proba bi bularretan mamografiak egitean datza, eta bi urtean behin errepikatzen da.  Emaitzak gutun bidez ematen dira, batez beste 6 eguneko epean.

Bularreko minbizia goiz detektatzeko programari esker, 2021ean Osakidetzak 687 minbizi detektatu zituen (95 Araban, 370 Bizkaian eta 222 Gipuzkoan). Detekzio-tasa handiena da programa Euskadi osoan ezarri zenetik: 6,1 minbizi detektatu dira aztertutako 1.000 emakumeko.

Pandemiaren ondorioz proben erritmoa moteldu duten segurtasun eta distantzia sozialeko neurriak hartu behar izan diren arren, gaur egun Osakidetzak jarduera aurre-pandemikoari berriro ekitea lortu du. Hala, 2022an eta urtarriletik irailera 129.738 emakume gonbidatu dituzte proba egitera, pandemiaren aurreko 2019ko aldi berean gonbidatu zituzten 126.603 lagun baino zertxobait gehiago. Gaur egun, gainera, talka-plan bat egiten ari dira, aurki emakume gazteenak probak egitera gonbidatzeko. Emakumeek gonbidapenak jasotzen dituztenean mamografia-unitateetara joaten jarraitzera animatzen ditu Osakidetzak, prebentzio goiztiarra faktore erabakigarria baita oraindik gaixotasun horri aurre egiteko.

Osakidetzako Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak, gaur egun, kudeaketa-unitate bat, 11 baheketa-unitate, 7 balorazio-unitate eta erreferentziako 6 ospitale ditu, eta bertako Bularreko Batzordeek, astero egiten dituzten saio klinikoetan, jarraibide diagnostiko-terapeutikoak eta lesio susmagarrien jarraipena ezartzen dituzte.  Hori guztia diziplina anitzeko profesionalen taldeek gidatuta. Talde horiek zerbitzurik onena eta arreta integrala eskaintzen dute, tumore bakoitzaren ezaugarrietara (doikuntza-medikuntza) eta emakume bakoitzaren baldintzetara eta zirkunstantzietara (pertsonalizazio-medikuntza) egokituta.

MAMOGRAFOAK BERRITZEA

Hain zuzen ere, zerbitzurik onena eskaintzeko eta zehaztasun handiagoko diagnostikoak egiteko asmoz, Osakidetzak azken belaunaldiko 14 mamografo berri erosi zituen, eta 2022an instalatzen ari dira. Ekipo berriek tomosintesia dute, mamografia digitalaren 3Dko forma aurreratu bat, irudi zehatzagoa lortzeko aukera ematen duena, minbizi gehiago detektatuz. 4,9 milioi euroko inbertsioa egin da.

Mamografoak Osakidetzako sare osoko ekipoak ordezkatzen ari dira, erreferentziako ospitale guztiek gutxienez azken belaunaldiko ekipo bat izan dezaten. Mamografo berriak honela banatuko dira:

    • Gurutzetako ospitalea (2)
    • Errepelegako anbulatorioa (Portugalete)
    • Barakaldoko anbulatorioa
    • Galdakaoko ospitalea (2)
    • Gernikako bereizmen handiko zentroa
    • Areilza doktorea anbulatorioa (Bilbo)
    • Basurtoko unibertsitate-ospitalea
    • Donostiako unibertsitate-ospitalea
    • Groseko anbulatorioa (berria)
    • Debagoieneko ospitalea
    • Arabako unibertsitate-ospitalea (1 Txagorritxun eta 1 Santiagon)

Bigarren fasean, 2023 eta 2024 urteen artean, oraindik tomosintesirik ez duten gainerako ekipoak ordezkatzea aurreikusita dago, 4 guztira. Horrela, 2024rako, Osakidetzako mamografoen ekipo osoak azken teknologiako mamografia digitalak egin ahal izango ditu. Era berean, gaixotasun horren inguruko ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua azpimarratu behar da. Osakidetzan Osasun Ikerketako Institutuen bitartez gauzatzen diren ildo ugari irekita daude.