Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak, EJIEk, bere 40. urtebetetzea ospatzen ari da egunotan hainbat ekitaldirekin, 1982an erakundea sortu zela gogorarazteko eta bere ibilbidea eta bilakaera gogoratzeko. Entitateko langileek Gasteizko hotel batean ospatu dute urtemuga gaur eta hainbat jarduera egin dituzte bertan. Jardunaldiaren amaiera Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak jarri du, sail horri lotuta baitago EJIE. Garamendik Eusko Jaurlaritzaren elkarte informatikoaren eginkizuna nabarmendu du eraldaketa teknologiko eta digitalaren bultzadan, batez ere denbora honetan entitatean lan egin dutenen ekarpena eta lana.
Sailburuak eskertu eta balioetsi egin du EJIEko langileek emandako ezagutza eta eguneroko jardueran egindako lan ona. Honen ildotik, beren lana kanpora proiektatzera animatu ditu, EJIE ikusarazteko. Informatikako elkarte hau “tresna bat baino gehiago da, Eusko Jaurlaritzaren eskua da, eta bere izateko arrazoia herritarrak zerbitzatzea da. Zuek eginkizun honetako aktore nagusiak zarete”. Ildo horretan, 40 urteko diskrezioaren, lan anonimoaren eta isilaren ondoren, EJIEk betetzen duen “rol garrantzitsua aldarrikatzeko adina eta ibilbide nahikoa badugula”, azpimarratu du.
EJIE Eusko Jaurlaritzaren eguneroko jardunean ezinbesteko entitatea dela adierazi ondoren, Garamendik elkarte horren garrantzia nabarmendu du, “bertan baitago Jaurlaritzaren ohiko funtzionamendurako gailu eta ahalmen teknologikoa”.
Ekitaldian EJIEko zuzendari nagusi Asier Saez de Bikuñak ere parte hartu du, eta honek ere esker ona adierazi die erakundeko langileei. Halaber, Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuorde Polentzi Urkijok eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien zuzendari Xabier Arrietak ere bat egin dute ekitaldiarekin Dozenaka langilek parte hartu dute 40. urtemuga dela-eta programatutako jardueretan, hala nola Team Building, EJIEren historiari, orainari eta etorkizunari buruzko bideoen ikustaldia edo eraldaketa digitalari buruzko konferentzia, Marc Vidal gaiaren dibulgatzaile ospetsuaren eskutik.