Garapen Jasangarriko arloak kanpaina berria jarri du abian Barakaldon etxe-animaliak adoptatzea eta harreran hartzea sustatzeko

108 txakur eta katu familia berri bat aurkitzearen zain daude Barakaldoko etxe-animaliak biltzeko zerbitzuan eta, hori lortzeko, Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren zinegotzigoak informazio-ekintzak areagotzea erabaki du. Gaur goizean, Carlos Fernandezek, bigarren alkateordeak, eta Alba Delgadok, zinegotzi delegatuak, kanpaina berri bat aurkeztu dute, «Maitasuna, esku-eskura» deritzona.

«Etxean etxe-animalia bat izatea planteatzen duten pertsona guztiei gogorarazi nahi diegu erostea ez diren alternatibak daudela, hala nola, adopzioa, harreran hartzea edo erakunde animalista baten boluntario egitea. Eta horretarako ez dago oso urrutira joan beharrik, Barakaldon abandonatutako animaliak ditugulako eta orain etxe berri baten bila dabiltzalako», esan du Fernéndezek.

Kanpainak barne hartzen du komunikabideetan, udal-euskarrietan (web-orria, kaleko pantailak,¿) eta sare sozialetan agertzen den irudia, txakur eta katu batekin dauden bi gazterena, maitasunaren eta gertutasunaren ideiak transmititzeko.

Gainera autobusez doako bidaiak programatu dira animaliak dauden instalazioetara, barakaldarrek ezagutu ditzaten eta animalia horien adopzioa edo harrera errazteko. Lehenengo hiru joan-etorriak urtarrilaren 14an eta 28an eta otsailaren 11n izango dira. «Izena nola eman eta autobusak irteteko ordua eta lekua aldez aurretik iragarriko ditugu», jakinarazi du Alba Delgadok.

Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren zinegotziak azaldu duenez, udalaren zaintzapean dauden animalien kopuruak nabarmen egin du gora azken hilabeteetan, eta dagoeneko ehundik gora dira -zehatzago esanda, 71 txakur eta 37 katu-. Hori bi arrazoirengatik da. Alde batetik, «jendearekin bizitzeko lagunkoientzat jo diren eta etxe batera primeran egokitu daitezkeen katuak kaletik ateratzeko lanean aritu dira». Eta, beste alde batetik, «egoera txarrean zeuden txakur gehiago konfiskatzen ari gara».

Jarduketa hauek duela hilabete batzuetatik ari dira garatzen eta, aldi berean, kontuan hartu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Etxeko Animaliak Babesteko 9/2022 Legea joan den abuztuan sartu zela indarrean, eta, beraz, araudi honek «berretsi egin du bide egokian geundela».

ANIMALIEN LAGUN DEN UDALERRIA
Carlos Fernándezek, beste alde batetik, gogorarazi du Udalak animalien ongizatearen alde duen inplikazioa aspaldiko kontua dela. Izan ere, Kultura eta Hezkuntza zinegotzia zen garaian, Barakaldo estatu osoko lehen hirietakoa izan zen bere burua Animalien Lagun izendatu zuena eta animalia  horien aurkako tratu txarrak gaitzetsi zituena, eta animaliei edozein sufrimendu mota eragiteko ekintzak edo jarduerak programatzea saihestu zuela.

Orduz geroztik ugaritu egin dira hiri-eremuan maskotei tratu duina ematearen aldeko ekimenak. «Erabaki genuen ez zela onargarria gure hirian animaliak iraintzen eta gaizki tratatzen zituzten ikuskizunak egitea, eta sokamuturrerako edo animaliekin zirkuak instalatzeko baimenak ukatzen hasi ginen», azaldu du Fernándezek.

Carlos Fernández y Alba Delgado con las imágenes de la campaña