Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea – Red Ferroviaria Vasca erakunde publikoaren bitartez, argi berdea eman dio ia 30 metroko desnibela gaindituta Easoko geltokia San Roke kalearekin lotuko duen igogailua eraikitzeko obren lizitazioari.
Proiektua 1,8 milioi euroko oinarrizko aurrekontuarekin eta 20 hilabeteko egikaritze-epearekin abiatuko da. Mirakontxa-Easo tartean topoaren saihesbidea jendaurrean jartzeko prozesuan Aiete auzoa trenbide-azpiegitura berriarekin loturarik ez izateari buruz jasotako alegazioetako bati erantzuteko sortu da.
Egituraren ehuneko 80 altzairuzkoa izango da, Osasun kalean tarteko geralekua izango du, eta topoaren erabiltzaileek nahiz inguruan bizi direnek erabili ahal izango dute, Autonomiatik San Rokera edo alderantziz joan behar badute. Igogailua Topoaren tren-zerbitzuaren ordutegian egongo da irekita.
Aurreikusitako igogailuak 21 pertsonarentzako tokia izango du gehienez, eta 180 gradutan egongo diren sarbideak izango ditu, pasabidearen ardatzaren arabera orientatuta.
Aukeratutako metalezko arkupeak 27,5 metroko altuera du, eta 57,5 metroko argia (pasabidea). Pasabideak beheranzko % 2ko malda du San Roke kalean iristen den puntuaren eta pilare-ateburua lotunean dagoen igogailurako sarbidearen artean.
Proiektuak Osasun eta San Roke kaleetan igogailuaren iritsierako puntuak urbanizatzea ere aurreikusten du. Osasun kalean plaza zirkular bat planteatu da 20,30 m-ko kotan, eta horren erdiko elementua igogailuaren dorrea izango da. Mendebaldean San Rokeko hegala dagoenez, plaza puntu horretan errematatzea proposatzen da, harkaitzean zulatutako ezponda baten bidez, plazari forma zirkular hori emanez. Ezponda bihurdura hirukoitzeko sare baten bidez babestuko da, horrela harriak edo bestelako elementuak urbanizazioaren gainera erortzea saihesteko.
Bestalde, igogailua goian hartzeko tokian, San Roke kalean, zirkuluerdi-formako plaza bat egitea dago aurreikusirik. Bertara San Rokeko espaloitik sartu ahal izango da. Halaber, plaza berriaren hegoaldean dagoen bidera sartzeko arrapala bat proposatu da.