Euskadiko 28 upategik parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzarekin Bartzelona Wine Week-en

• Arabako Errioxako standean 18 ardo-upategi egongo dira Babestutako Jatorri Deiturako ardoarekin eta Euskadiko Txakolinaren erakustokiak txakolinak ekoizten dituzten 10 enpresa biltzen ditu, Getaria, Bizkaia eta Araba jatorri-deiturekin.

• Aurten ere Basque Wine Bar izango da, Basque Wine sustapen-markaren pean babestutako ardoak erakusteko eta dastatzeko gunea.

Gaur hasi da Bartzelona Wine Week-en hirugarren edizioa, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorerako erreferentziazko azoka, Bartzelonan hiru egunez kalitateko ardoaren nazioarteko milaka profesional eta erosle biltzen dituena.

BWWren edizio honetan nabarmen handitu da Eusko Jaurlaritzarekin parte hartzen duten Euskadiko upategien presentzia, aurreko edizioarekin alderatuta. Guztira 28 euskal enpresa ekoizle daude, bi standetan banatuta: Arabako Errioxa eta Euskadiko Txakolina. Arabako Errioxako erakustokiak Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua duten 18 upategi ditu; eta Euskadiko Txakolinaren erakustokiak Jatorrizko Deitura duten 10 txakolin upategi hartzen ditu (5 Getariako Jatorri Deiturakoak, 3 Arabako Jatorri Deiturakoak eta 2 Bizkaiko Jatorri Deiturakoak).

Upategi horiekin laguntzera Raul Perez Iracheta, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria Bartzelonara joan da, eta babesa erakutsi dio elikagaien industriari eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZI Fundazioaren laguntzarekin, Euskadiko elikagaien eta edarien nazioarteko sustapenaren alde egindako apustuaren erakusgarri gisa.

Basque Wine ardoen dastaketa bereziak

Aurten ere, Euskadiri eskainitako guneak Basque Wine Bar izango du, Basque Wine sustapen-markaren babespean babestutako ardoak erakusteko eta dastatzeko gunea. Iaz, jende asko bildu zen, eta oso interesgarria izan zen euskal upategientzat, gune honetan eskaintzen den arreta pertsonalizatu eta espezifikoari esker, ardoak banan-banan balioesten baititu.

Mikel Garaizabal enologoa arduratuko da gune honetan ikusgai dauden ardoak dastatzeaz, horien inguruko azalpen eta aholkularitzarekin batera. Horrela, ardoren batekiko interesa duen bisitaria upategi ekoizlea dagoen standera gonbidatuko da.

BWW erreferentziazko hitzordu gisa finkatu da mahastizaintza eta ardogintza sektorerako

Hirugarren ediziorekin Barcelona Wine Week kalitatezko ardoaren erosle nazionalentzako eta nazioartekoentzako erreferentziazko hitzordu sektorial gisa finkatu da, zifra errekorrak dituen edizio batekin: 828 upategi erakusketari, 70 zigilu entzutetsu eta enpresa handien presentzia.

BWW negozio eta networking foro handi bat da, banaketa handiko taldeetako milaka profesional eta erosle, ospe handiko inportatzaileak, handizkako zentroak, banatzaile espezializatuak, xehekariak eta gourmet dendak biltzen dituena. Horretarako, ardoaren funtsezko 1.800 erosle inguru gonbidatu dituzte, Espainiakoak ez ezik, esportaziorako garrantzitsuak diren merkatuetakoak ere: Estatu Batuak, Kanada, Alemania, Herbehereak, Erresuma Batua, Belgika, Txina, Brasil eta Japonia.

Banaketa-talde handi guztietako ordezkariak ere bertaratu dira, hotel-kateez, jatetxe antolatuen talde handiez eta jatetxeez gain. Guztira, 8.000 negozio-bilera baino gehiago izango dira erakusketarien eta erosle profesionalen artean.

Arabako Errioxako eta Euskadiko Txakolinaren standetan erakusgai dauden enpresak

Arabako Errioxa

Familia Chavarri
Altún
Bodega 202
Oxer Wines
Bodegas de La Marquesa – Valserrano
Valdemar Family
Luberri Monje Amestoy
Bodegas Loli Casado
Ostatu
Sierra de Toloño
Garcia de Olano
Bodegas y viñedos Casado Morales
Bodegas Valdelana
Finca de La Rica
Bodegas Covila
Bodegas Las Orcas
Bodegas Amador Garcia
Bodegas Vallovera

Euskadiko Txakolina

Hika Bodega
Astobiza
Bodega Berroja
Txakoli Ameztoi
Gaintza Txakolina
Aitaren Upategia-Bodega
Talai Berri Txakolina
Txakoli Garate
Doniene Gorrondona Txakolina
Artomaña Txakolina