Indarkeria kasu banatan inplikatutako bi gizonezko atxilotu ditu Barakaldoko Udaltzaingoak

Barakaldoko Udaltzaingoak genero-indarkeriako bi kasutan inplikatutako bi gizon atxilotu ditu azken egunotan. Haietako bat bikotekideari ostalaritza-lokal batean eraso egiteagatik atxilotu dute; bestea, berriz, delitu bera egiteagatik atxilotu dute, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloak jakinarazi duenez.

Lehenengo atxilotua joan den ostiralean harrapatu zuten, udalerriko supermerkatu batean lapurtzen. Hori dela eta, lokaleko langileek atxiki zuten, eta Udaltzaingoari deitu zioten. Ertzainak establezimendura joan ziren, eta, gizonaren nortasuna egiaztatu zutenean, egiaztatu zuten Barakaldoko Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak emandako atxilotze-agindu bat zeukala. Horregatik, atxilotu eta epailearen esku utzi zuten.

Genero-indarkeriagatiko beste atxiloketa igande gauean izan zen. Emakume bat Udaltzaingoarekin harremanetan jarri zen bikotekideak udalerriko pub batean eraso  ziola jakinarazteko. Patruila bat gertakarien lekura joan zen, eta lekukoei deklarazioa hartu eta gertatutakoari buruzko datu gehiago bildu ondoren, gizona atxilotu zuen.

Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloko zinegotzi ordezkari Ángel Madrazok eraso onartezinak gaitzetsi ditu, eta berriz ere gogorarazi du garrantzitsua dela herritarren laguntza tratu txarrak ematen dituztenak atxilotu eta kondenatu ahal izateko.

Bestalde, atzo arratsaldean, Udaltzaingoak gazte bat atxilotu zuen hirigunean bi emakumeri lapurtzen saiatzeagatik. Biktimetako bat ohartu zen gizona motxila irekitzen saiatu zitzaiola, lapurtzeko. Emakume hori susmagarriaren bila irten zen, eta agenteei deitu zien. Tarte horretan, lapurra beste emakume baten poltsikotik zerbait lapurtzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Udaltzainek handik gertu atxilotu zuten. Atxilotua epailearen esku utzi dute gaur, eta, gainera, Epaitegiaren atxilotzeko agindua zuen.

SANTA AGEDAKO DISPOSITIBOAREN BALORAZIOA
Ángel Madrazok joan den igandean Santa Ageda erromeria zela-eta Herritarren Segurtasunerako arloak hedatutako dispositiboari buruzKO balantzea egin du, halaber. «Balorazioa positiboa da. Jende asko bildu bazen ere, ez zen gorabehera garrantzitsurik gertatu. Aipagarria den gauza bakarra, baselizaren plazan jende-pilaketaren bat egon zela, eta txakur bati zauriak sendatu behar izan zizkiotela  Babes Zibilekoek» azaldu du Madrazok.

Dispositiboa, Udaltzaingoko 12 agentek – horietako bi motozikletan – eta Babes Zibileko boluntarioek osatua, 07:00etatik 22:00etara luzatu zen. Sarbideak kontrolatzeko guneak ezarri ziren, eta baimendutako ibilgailuak bakarrik igaro ahal izan ziren, batez ere produktuak saltzeko postuak. Gainera, ibilbidean aparkatzea debekatu zen, eta postuek gutxieneko hiru metroko zabalera uzten zutela egiaztatu zen.