Azkuna Zentroa Grand Départ Pays Basque 2023ren epizentro bihurtu da gaurkoan. Eta txirrindularitza dagoen lekuan, ikurriña bat dago. Irrikaz desiatutako Frantziako Tourraren etorrerarekin, tradizioa mantendu ez ezik indartu ere egingo da. Euskadik txirrindularitzari ematen dion babesa baldintzarik gabekoa da, ikurriñak urtero Pirinioak eta Frantziako beste mendate handi batzuk bere kolorez janzten dituenean egiaztatzen den bezala. Aurten, Euskadiko errepideak, herriak eta hiriak izango dira gorriz, berdez eta zuriz jantziko direnak, euren ikurriñekin aterako diren milaka eta milaka zaleren eskutik.
Ekitaldi handi hau ospatzeko, Grand Départ Pays Basque 2023k datozen hilabeteetan uztailaren 1ean Frantziako Tourreko lehen etapa hasi arte, ospatuko diren ekitaldien kronograma aurkeztu du gaur goizean Azkuna Zentroan. Euskadiko irteera handiaren antolakuntzan parte hartu duten zazpi erakundeetako ordezkari ugariez gain, Frantziako Tourrarekin harreman estua duten euskal txirrindulari ohiek parte hartu dute ekitaldian. Horien artean, Marino Lejarreta, Roberto Laiseka eta Eneritz Iturriaga. Maila gorenean dir-dir egin duten hiru izar, ikurrinez osatutako itsasoa zeharkatzeak dakarren zirrara lehen pertsonan bizi izan dutenak eta horrek aztarna utzi du guztiengan. “Ahalegina maximoa da, une askotan zure mugetatik haratago joaten zara, baina zaleak bide bazterrean ikusi eta sentitzea, animatzen, jendeak osatutako ilaren artetik pasatzen… Sekulakoa da zer sentitzen den” kontatu du Roberto Laisekak. “Euskal zaleak eta ikurriña beti agertzen dira. Pirinioetan hainbeste aldiz astindu ondoren, herrialde oso baten harrotasuna erakutsiz, orain etxean atera behar dugu. Ez dago ikurriña baino sinbolo hoberik, Euskadin txirrindularitza bizitzeko sentimendu, pasio, emozio hori mundu osoari erakusteko. Ikurriña bizikletatik ikusi dugunok badakigu zertaz ari garen. Ez dago energia-txute hoberik ikurriña baino. Beraz, aurten, eta inoiz baino gehiago, ikurriña gure kaleetara ateratzea tokatzen zaigu”, adierazi zuen Laisekak.
Marino Lejarretak adierazi duen moduan “ia ez da beharrezkoa jendea errepidera irtetera animatzea. Ziur nago zaleek erantzun egingo dutela, beti egin dute, oso fidelak dira. Txirrindulari gisa joan garen edozein lekutara, gutako edozein, euskaldun bat zegoen lekuan ikurriña bat zegoen. Tourreko egun hauetan Euskadin ez dute hutsik egingo. Gurea da, guztiona da. Zaleak animatzen ditut ikurriñak ateratzera, ez bakarrik errepidera, baita gure etxeetako balkoietara ere, garena, munduko txirrindularitza zalerik onenak garela erakuts dezakegun edozein lekutara” adierazi du Berrizko Ihiak.
Bestalde, Eneritz Iturriagak adierazi du ikurriña sentimendu “kolektibo baten sinboloa da, euskaldun guztiak ordezkatzen eta batzen dituen bakarra”. “Grand Départ Pays Basque euskal txirrindularitzaren eta zaleen balioak ezin hobeto islatzen dituen ikurraz harro agertuko da. Euskadi bakarra da, ikurriña bakarra da, bere txirrindularitza zaleak bezala”, azpimarratu du Iturriagak.
2023KO KRONOGRAMA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaileak, txirrindulari ohien adierazpenen aurretik, uztailaren 1, 2 eta 3an munduko tropeleko txirrindulari onenek Euskadin pedalkadak ematen hasi arte egingo diren jarduera ugari eta askotarikoen berri eman du. Zupiriarekin batera, proiektu handi honetan inplikatutako erakunde bakoitzeko ordezkariak: Xabier Ochandiano (Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia), Cristina Múgica (Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde-lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendaria), Martin Ibabe (Donostiako Udaleko Kiroletako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi ordezkaria), Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria), Livia López (Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun Saileko zinegotzi ordezkaria) eta Jose Luis Cimiano (Arabako Foru Aldundiko Arlo Estrategikoetako zuzendaria).
“Proposamen ugari eta publiko orori zuzendutakoak izatea, herritar guztiek mundu mailako ikuskizun handienetako honetan partaide sentitu eta parte hartzeko borondatea islatzen du”, nabarmendu du sailburuak. Martxoaren 22an Tissot erloju klasikoa instalatuko da Bilbon eta hurrengo egunean 100 eguneko atzerako kontaketaren hasierari ekingo zaio, eta une horretatik aurrera ekitaldi zaparrada hasiko da. Hiru hiriburuetan eraikin enblematikoak horiz argiztatzeak modu sinbolikoan piztuko du tropel profesionalak bidera atera arte dirdiratuko duen metxa. Ikus-entzunezko ikuskizunak Gasteizen edo maillot erraldoi baten estreinaldia Donostian dira programatutako jardueretako batzuk.
“Frantziako Tourraren etorrera Euskadin txirrindularitzarekiko sentitzen den grina handia erakusteko aukera paregabea da”, adierazi du Zupiriak. Gogo hori erakusteko moduetako bat gure errepideetan pedalei eragitea izango da. Grand Départ Pays Basquek, Tourreko lehen etaparen erreplika bat antolatzeaz gain, L´ÉTAPE BILBAO BY TOUR DE FRANCE (ekainaren 11n), euskal egutegiko bi proba zikloturista tradizionalen edizio bereziak garatzen elkarlanean dihardu: Donostia-Baiona-Donostia (maiatzaren 13an) eta Gasteizko Proba Zikloturista (ekainaren 24an).
Gobernuko bozeramaileak azaldu du, “familiek ere hamaika jarduera izango ditu. Euskadi Txirrindularitza Fundazioak antolatutako BiziTour Jaiak nabarmenduko dira”. Donostian (maiatzaren 7an), Gasteizen (ekainaren 4an) eta Bilbon (ekainaren 25ean) bizikleta jai familiar bana izango da. Martxa herrikoi labur batzuk egingo dira, kilometro gutxikoak, bizikleta kultura eta mugikortasun iraunkorra modu ludiko eta jai giroan sustatzeko. “Azken finean, kirolaz eta aisialdiaz familian gozatu”, laburbildu du. Aldi berean, Tour Egunak ospatzen jarraituko dira.
Tourraren 110. edizioa hasieraren aurreko astean mundu mailako oihartzun handiko ekitaldiak izango dira. “Ekainaren 29an Fan Park gunea inauguratuko da Areatzako pasealekuan, Bilbon. Txirrindularitzatik orokorrean eta Frantziako Tourretik bereziki, askotariko jarduera eta proposamen ugari egingo diren gune irekia. Laburbilduz, Areatzako estalpean eta pasealekuan zehar zabalduko den parke tematiko txirrindulari bat, familiartean, lagunekin… gozatzeko espazio, ekimen eta jarduerekin. Sarrera doakoa izango da”, azaldu du.
Egun horretan bertan, arratsaldean, 2023ko Frantziako Tourreko Taldeen Aurkezpen Ofizialaren txanda iritsiko da, ia 200 herrialdetan emango den proba. “Guggenheim Bilbao Museoaren ingurune zabalean egingo da eta publiko orori zuzenduta dago. Festa honetan, gainera, lasterketako protagonista nagusiak hurbiletik ikusteko aukera izango da” nabarmendu du. Ekainaren 30ean atsedenaldia, hurrengo hiru egunetan Bilbo – Bilbo (185 km), Gasteiz – Donostia (209 km) eta Amorebieta-Etxano – Baiona (185 km) etapekin sortuko den eztandari aurre egiteko.
Sailburuaren hitzaldiaren ondoren, Grand Départ Pays Basqueren bideoa eman da, bertaratutako guztiei oilo ipurdia jarri diena, tartean euskal txirrindularitzako izen handiei. Ekitaldian Frantziako Tourrarekin harreman estua duten euskal txirrindulari batzuk egon dira. Marino Lejarretaz (1990ean etapa bat irabazi zuen), Roberto Laisekaz (2011n beste etapa bat irabazi zuen) eta Eneritz Iturriagaz (2000ko emakumezkoen Tourrean lehiatu zen) gain, euskal txirrindularitzako beste izen ezagun batzuk ere izan dira bertan, hala nola David Etxebarria (1999an bi aldiz irabazi zuen), Igor González de Galdeano (hain preziatua den maillot horia jantzi zuen azken euskal txirrindularia, 2002ko edizioan astebetez jantzi zuen), Agurtzane Elorriaga (2000ko emakumezkoen Frantziako Tourrean parte hartu zuen), David López (taldekide gisa Grande Bouclen garaipen bat aurkezten duten euskal txirrindulari bakanetako bat, Chris Froomek 2013an Skyrekin lortutako garaipena) eta Igor Anton (2007ko, 2009ko eta 2013ko edizioetan lehiatu zen).