Duela 30 urte baino gehiagotik, Azterlan zentro teknologikoak erantzun integrala ematen die industriaren beharrei. “Eraldaketa metal-mekanikoaren sektoreko enpresei metalgintzako ezagutza sortu, erakarri eta transferitzean oinarritzen da Azterlanen jarduera, lehiakortasuna handitzeko eta, horrekin batera, aberastasuna eta enplegua sortzeko helburuarekin”, azaldu du Susana Mendezek, Galdaketa teknologien I+Gko arduradunak. “Gure helburu nagusia metalurgia garatzen jarraitzea eta ekoizpen-prozesuetan eta produktuen diseinuan eta errendimenduan aplikagarria den ezagutza erabilgarri berria sortzea da”.
Zentroa BRTAri atxikita dago, eta hainbat industria-sektoretako 1.500 bezero baino gehiago ditu; besteak beste, automobilgintzan, sektore eolikoan, aeronautikan, ontzigintzan, trenen-sektorean eta makina-erremintan. “Gure jarduera funtsezko hiru gakotan oinarritzen da: lehena bezeroarekiko hurbiltasuna da, bere beharrak zein diren zuzenean ezagutzeko aukera ematen diguna; bigarrena soluzio berritzaileen garapenarekin lotuta dago. Ikuspegi metalurgiko batetik, fabrikazio-arazoei, errefusa-tasei, energia-eraginkortasunari, produktibitateari, produktu berriaren garapenari eta enpresen lehiakortasunerako funtsezko alderdiei heltzen diegu. Eta hirugarrena inplementazio industriala da”, Mendezek zehazten duenez.
I+Gko arduradun gisa, Susana Mendezek sektorea garatzeko gakoetako bat berrikuntza dela uste du. “Metalurgia-sektorea esparru heldua da, eta, horregatik, berrikuntzaren bidez erakutsi behar du oraindik bizirik dagoela eta gizarteari eskaintzeko aukera asko dituela. Espero dugu garapen horiek guztiek etorkizunean egoera indartsuago batean kokatzeko aukera emango digutela, eta Euskadiko eta munduko metalurgia-sektoreak oraindik ere bere garrantzia izango duela”, adierazi du. Prozesu horretan, Azterlan lankidetza estuan ari da lanean nazioko eta nazioarteko erreferentziazko beste eragile zientifiko-teknologiko batzuekin.
Hala, zentro teknologikoaren helburua metalurgia-sektorearen Europako erreferente bihurtzea da, eta, aldi berean, oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua sustatzea, etengabeko ahalegina eginez ezagutza sortzen metalgintzan eta industriara teknologia transferitzen.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.