Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, “Parketarrak“ izeneko egitasmoa Donostiako hamazazpi auzotan antolatuko da martxoan. Lehen saioak martxoaren 6an hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hortik aurrera, martxoaren 24ra arte, hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko da doan.
Parketarrak ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Egitasmo hau bi programatan banatuta dago:
- Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat antolaturikoa
- Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.
Pasa den urtean 2.132 haurrek eta 481 gurasok parte hartu zuten
2022an antolatutako saioek harrera ona izan zuten: 2.132 haurrek eta 481 gurasok parte hartu zuten eta guztira, 296 saio antolatu ziren. Saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.
Aurten, egitasmoa 17 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta,Igeldo, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondon. Donostiako auzo gehienetan euskara batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako “Parketarrak” ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.