EEN Basque, euskal ETEen tresna berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko
Enterprise Europe Network (EEN) finkatzen ari da, euskal enpresek beren I+G+b eta, oro har, negozioa nazioartekotzeko egiten dituzten ahaleginak osatzeko ezinbestekoa den sektore publikoko tresna gisa. Tresnak eskaintzen dituen utilitateen artean, ETEei berrikuntzaren arloan laguntzeko zerbitzua dago. Zerbitzu hori Innobasquek kudeatzen du (EENren euskal nodoaren kidea), eta emaitzak hobetzeko modu arin eta eraginkorra da, bai eta enpresen barruko lehiakortasun- eta jasangarritasun-alderdiak hobetzeko ere.
Enpresa txiki eta ertainei berrikuntzaren arloan laguntzeko zerbitzua, aliatua zailtasun-uneetan
Zerbitzu horrek konponbide-sorta bat eskaintzen du, enpresei berrikuntzako beren beharrak eta hobekuntza-arloak identifikatzen laguntzeko, eta aholkularitza espezifikoa ematen du. Horrek erreferentziazko tresna bihurtzen du enpresei berrikuntza-prozesuetan laguntzeko.
Azpimarratu behar da, gainera, zerbitzu horrek garrantzi handia izan duela pandemian, enpresak berrasmatzeko premia ukaezinean baitaude. Hona hemen adibide bat: 2020ko urrian, plastikoa injektatzeko moldeak eta piezak diseinatzen eta garatzen zituen enpresa bat harremanetan jarri zen EENrekin, zerbitzu hori erabiltzeko eta, horrela, haren lehiakortasuna handitzeko, berrikuntza-prozesuen bidez.
Zertan datza lagun egiteko prozesua?
Haien kezkei, erronkei, beharrei eta ekimenei buruzko hasierako azterketa egin ondoren, enpresak profil espresa deritzona lortzen du. Profil hori, ondoren, elkarrizketa pertsonalizatuekin osatzen da, berrikuntzaren arloan duten egoera sakon eta modu ordenatuan ezagutzeko eta sektoreko beste enpresa batzuekin alderatzeko. Horrela, enpresa horrek Berrikuntza Profila deritzona lortu zuen, Europako Batzordeak ETEen berrikuntza kudeatzeko funtsezkotzat jotzen duen tresna, enpresei beren hobekuntza-arlo potentzialak identifikatzen dituen eta gomendio eta konponbide zehatz eta indibidualizatuak proposatzen dituen txosten xehatua eskaintzen diena.
Zer emaitzarekin?
Prozesu horrek guztiak aukera ematen dio enpresari ekintza-plan bat abian jartzeko. Kasu horretan, aukera eman zion bere produkzio-prozesuetan 4.0 teknologiak txertatzeko proiektu bat gauzatzeko, egungo finantzaketa-iturriak indartzeko hainbat neurri aplikatzeko eta sektoreko beste enpresa batzuekin lankidetzan hasteko, produktu berriak merkaturatzeko merkatu-azterketak egiteko. Bitartean, Innobasqueko adituek zerbitzuaren jarraipena egiten dute, profil hori eguneratuz eta enpresari txosten osagarrien bidez lagunduz.
Azkenik, onura gehigarri gisa, ateratzen den materiala komunikazio-tresna gisa erabil daiteke, enpresa erakunde berritzaile gisa kokatzen lagunduz, eta, gainera, Innobasqueren Kasu Praktikoen eta Berrikuntzaren Bankuaren parte izango da.
Laburbilduz, EENk Innobasqueren bidez eskaintzen duen zerbitzu honi esker, enpresek laguntza eta aholkularitza jasotzen dute beren behar eta gaitasunetara egokitutako berrikuntza-proiektuak ezartzeko, epe laburrean emaitza nabarmenak lortzeko gai izan daitezen. Horrek, jakina, aukera ematen du berrikuntzako nazioarteko lankidetzak Euskadiko EENren beste zerbitzu batzuen bidez bideratzeko, beste kasu askotan gertatzen ari den bezala.
EEN sarea Euskadin dago, EENBasque Partzuergoaren bidez
Basque Enterprise Europe Network, EENBasque erakundeak aholkularitza aditu pertsonalizatua eta doakoa eskaintzen dizu, bai eta eraginkortasun frogatua duen metodologia bat ere, honako hauek osatutako partzuergo baten bitartez: SPRI, Innobasque, Merkataritza Ganberak, BasqueTrade & Investment eta BEAZ.
Jarri zure I+G+b proiektua Europan sare global sendoenetako batekin. Aurki ezazu hemen Basque EENren zerbitzuei buruzko informazio gehiago. Lagunduko dizugu!