Donostiak hotelak irekitzeko baimenak emateari utziko dio

Neurriak ostatu erabilerak arautzeko Plan Orokorraren aldaketan du oinarri, eta behin martxoko udalbatzarran onartuta sartuko da indarrean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udalak orokorrean hotel berriak irekitzeko baimenak bertan behera utziko ditu, baita hiriko hainbat eremutan beste ostatu erabilerak jartzeko baimenak ere. Neurria tramitatzen ari den Plan Orokorraren aldaketa onartu arte hartu da.

Tokiko Gobernu Batzarrak hartuko du erabakia hurrengo astean, eta urtebetez edo HAPOaren behin betiko onarpena eman arte luzatuko da. Ondorioz, epe horretan Udalak ez du baimen berririk emango hotelak irekitzeko, ezta etxebizitza turistikoak irekitzeko ere.

Donostiako alkate Eneko Goiak eta Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi Nekane Arzallusek eman dute neurriaren berri. Eta neurria indarrean sartuko da behin martxoaren amaieran udalbatzarrak onartuta.

Proposamenak hiriko bi eremu ezberdintzen ditu. Alde batetik, Antiguo-Ondarreta, Ategorrieta-Ulia, Erdialdea, Gros eta Ibaetako hirigintza-eremu guztietan baimenak orokorrean bertan behera geldituko dira, kalifikazioa zeinnahi den ere. Eta bestetik, hiriko gainerako eremuetan galarazpena bizitegien lur-sailetarako izango da.

Galarazpenaren ondorioz, ez da baimenik emango establezimendu eta ostatu erabilera berriak jartzeko, ezta horiek jartzeko egin beharreko lanak egiteko edo egun daudenak handitzeko ere.

Parte Zaharra galarazpenatik kanpo gelditu da, izan ere eremu saturatua da. Gogoratu 2020tik arautua dagoela ostatu erabilera berriak jartzearen mugaketa. Halaber, neurri honek ez du eraginik izango kanping, nekazaritza-turismo eta landetxetan, hain zuzen ere lurzoru ez urbanizagarrian jar daitezkeen horietan.

Jarduera turistikoa arautzea

Donostiako alkate Eneko Goiak hartutako erabakia babestu du eta honakoa esan du: “Erabakiaren helburua da jarduera turistikoa arautzea eta hirian hotel berriak irekitzeari mugak ezartzea. Hori dela-eta, erabaki dugu hotel berriak zein erabilera turistikoko etxebizitza berriak irekitzeko baimenen ematea mugatzea”.

Goiak gogorarazi du, duela hamar urte hiriak defizita zuela hoteletako plazatan, eta horrek bisitariak erakartzeko edota kongresuak zein ekitaldiak antolatzeko gaitasuna mugatzen zuela. Euskadiko egoera politikoan izandako aldaketek, terrorismoaren amaiera dela-eta, eta mundu osoan gertatutako turismoaren hazkundeak, hiriaren panorama aldatu dute, eta beraz, ostatu turistikorako parkearen hazkundea azkarra eta progresiboa izan da, bai hotelak, baita erabilera turistikorako etxebizitzak ere. Hori guztia kontuan hartuta, Goiaren iritziz, zabaltze hori mugatzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da.

Dena dela, erabaki honek ez du esan nahi hurrengo hilabeteetan hotel berririk irekiko ez denik. Izan ere, baldin eta baimena emanda badute, edota galarazpena indarrean sartu aurretik tramitatzen ari den baimenik balego, horiek aurrera jarraituko dute.

Alkateak azpimarratu du, baimen berriak ez emateko erabakia Donostiako Udalak duen estrategiaren barruan dagoela, turismo jasangarri eta arrazoizkoa izateko, hain zuzen ere, donostiarren zein hiria bisitatzen duten pertsonen arteko oreka ahalbidetuko duen estrategiaren barruan. Hortaz, gogorarazi du, 2030eko Plan Estrategikoak eta 2023-2027 Turismoko Gida Planak hainbat neurri sustatzen dituztela turismo jasangarria lortzeko.

Galarezpen orokorragatik eragindako eremuak

Ez da inongo lur-sailetan baimenik emango hiriko segidako eremutan:

  • Antiguo Ondarreta: Antiguo, Seminario, Txantxa Erreka, Lizarriturri, Benta Berri, Ondarretako Ensantxea, Ondarretako Lorategi Hiria (I eta II), Miranda Alde, Erregenea, Satrustegi dorrea, Itsasargiko errepidea, Atrakzio parkea.
  • Ategorrieta-Ulia: Manteo, Ulia-Barren, Mitxelene, Tokieder, Ategorrieta, Ategorrietako Erlojua.
  • Erdialdea: Kaia, Ensantxea, San Bartolome, Amara Zaharra, Mirakontxa pasealekua , Aldapeta, San Roke (Parte Zaharra kanpo gelditzen da eremu saturatua delako).
  • Gros: Gros (I eta II), Sagües.
  • Ibaeta: Lorea, Igara.

Hiriko gainerako eremutan, ez da baimenik emango bizitegi-eremuetarako.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/03/09-an argitaratua