- Kalkuluen arabera, 1.460 kilometrotik gorako ilarak saihestu dira garabien esku-hartzeari esker
Hamabi urte dira Bilboko metropoli-inguruan ibilgailuak A-8 errepidetik eta sarbideetatik berehala kentzeko garabi arinen laguntza-zerbitzua abian jarri zenetik, eta iaz 564 gorabeheratan esku hartu zuen (204 istripu eta 360 matxura). Kasu guztietatik (564) 225etan, gidariek ezin izan zuten haien ibilgailua bazterbidera eraman.
Era horretako gorabehera batek batez beste 6,5 kilometro inguruko ilarak sortzen ditu zirkulazio-baldintza normaletan. Kalkuluen arabera, beraz, Eusko Jaurlaritzak sustatutako zerbitzuak 1.460 bat kilometroko ilarak saihestu ditu (225 gorabehera 6,5 kilometroko).
Emaitzak ikusita, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak nabarmendu du Jaurlaritzak zerbitzua mantentzeko duen interesa: “horrek gidatzea errazten du, eta hori gidarien erosotasunaren mesederako da. Bestalde, Euskadiko errepide-sarea arinagoa izaten ere laguntzen du”.
Duela hamabi urte zerbitzua abian jarri zenetik, garabiek 6.286 jarduketa izan dituzte. 2022an, mugitu diren aldien % 27,6an istripuengatik mugitu dira, eta azken urteetakoa baino ehuneko txikiagoa da (% 31tik gora 2021ean eta 2020an; % 40,4 2019an; eta % 42 2018an). Azken urteotan, beraz, istripuek eragindako erreskateetan beheranzko joera hauteman da, eta, aitzitik, pixkanaka gora egin dute matxurek eragindako erreskateek. Hori guztia, 2021ean eta 2020an izandako geraldia gorabehera, pandemiak mugikortasunean eragindako murrizketen ondorioz.
Garabiak —gehienez ere lau— A-8 errepideko 110 kilometro-puntuaren (Basauri) eta 139 kilometro-puntuaren artean (Kantabriako muga) kokatzen dira, A-8 errepideko tarte horretan eta tarte horretako sarbideetan, zirkulazioaren bi noranzkoetan, gorabeheraren bat izan duten autoak erreskatatzeko. Garabien kokapenak aurretik erabakitzen dira, eta bi noranzkoetan bide-zati luzeak barne hartzen dituzten puntu estrategikoak izaten dira. Erreskate-garabi batek, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (CGTE-ETKZ) mobilizatzeko abisua jasotzen duenetik zerbitzua egin behar duen puntura iristen den arte, batez beste 12 minutu behar ditu.
Zerbitzu horren ohiko ordutegia goizez 7:30etik 9:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era izaten da, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi hori malgua da eta urte-sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera. Istripua izan duten ibilgailuak leku seguru batera, gorabehera artatu duen Ertzaintzaren patruilak erabakitako lekura, eramaten dira. Hori egitea ezinezkoa bada, zerbitzua esleituta duen enpresaren instalazioetara eramaten dira, eta gero bertara joaten da ibilgailuaren laguntza-zerbitzu partikularreko garabia.