Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 700.000 eurorekin finantzatuko du euskarazko eta gaztelaniazko literatura ekoizpena

PRUEBA

Onartutako diru-laguntzen helburua euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanak eta euskarazko audioliburuak argitaratzea da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 700.000 euro bideratuko ditu eta honela banatuko dira:

  • 515.000 euro euskarazko literatura argitalpenetarako
  • 125.000 euro gaztelaniazko literatura argitalpenetarako
  • 60.000 euro euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenetarako

Euskarazko literatur argitalpenen modalitateko diru-laguntzak eskatzen dituztenek euskararen eremu geografikoan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa) establezimendu egonkor bat irekita edo irekitzeko asmoa edo konpromisoa izan behar dute. Diru-laguntza gaztelaniaz eskatzen dutenek establezimendu egonkor bat izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan. Era berean, euskarazko audioliburuen argitalpen-ekoizpen literariorako laguntza jasotzeko, pertsona edo erakunde eskatzaileek laguntza jaso behar izan dute aurreko bost urteetako edo aurtengo deialdi honetako euskarazko literatura argitalpenaren modalitatean.

Argitaletxeek aurkeztu behar dituzten edizio-planetan 2023. urtean argitaratuko diren euskarazko edo gaztelaniazko literatura liburuak paperean edo formatu digital irakurgarriak zehaztu beharko dituzte edo 2023. urtean argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audioliburua. Edizio-planetan sartutako liburuek ezin izan dute dirulaguntza izan aurreko urtetako dirulaguntza hauen edizioetan eta ondorengo generotakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazte literatura, komikiak eta literatura saiakera.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2022ko deialdian 34 edizio-proiektu lagundu ziren diruz, 18 euskarazko modalitatean, 12 gaztelaniazkoan eta 4 audio-liburuen modalitatean. Elkar, Erein, Alberdania, Txalaparta, Astisendo edo Pamiela izan ziren dirulaguntza jaso zituzten argitaletxeetako batzuk.