Donostiako Udalak 348.884 euro ordainduko dizkie, guztira, Joko Garbia programaren barruan hondakin organikoak konpostatzeko zerbitzuak erabiltzen dituztenei.
Miguel Ángel Díez Hiri Mantentzeko zinegotziak azaldu duenez, «donostiarrek hiru modutan parte hartu dezakete ahalegin honetan: bide publikoan jarritako bosgarren edukiontzia erabiliz, eta konpostatze komunitarioa nahiz etxeko konpostatzea eginez. 14.000 donostiarrek baino gehiagok parte hartzen dute Joko Garbia programan, eta, orain, zabor-bilketagatiko tasaren hobarietarako ezarritako zenbatekoak itzuliko zaizkie.»
Datu zehatzak hauek dira: 12.789 donostiarrek parte hartzen dute konpostatzean bosgarren edukiontzi marroiaren bidez. Bertan uzten dituzte beren hondakin organikoak, txartela erabilita. Txartel horretan, edukiontziaren erabilerak jasota gelditzen dira. Parte-hartzaile gehienek txartelaren hobariaren %100 jasotzeko eskubidea dute, txartela zenbat aldiz erabili duten kontuan hartuta. Bosgarren edukiontzia erabiltzeagatiko hobariak 306.102€ dira, guztira.
Etxeko konpostatzea, «Etxekonposta», 781 lagunek egiten dute. Beren lorategi edo baratzeetan konpostagailu txikiak dituzte, doan jasotzen dituztenak, beharrezko informazioarekin batera, programan izena ematen dutenean. Konpostatze horrengatiko hobariak 40.192€ dira, eta parte-hartzaile gehienek 50,91€-ko hobaria jasotzen dute konpostagailua erabiltzeagatik.
Konpostatze komunitarioa 82 lagunek egiten dute gure hirian. Hauek hiriko hainbat aldetan jarritako guneetan uzten dituzte beren hondakin organikoak. Erabilera honetan ere, txartela behar da edukiontziak irekitzeko, eta hobariak erabilera-ehunekoaren araberakoak dira. Kasu honetan, 2.511€ itzuliko dira, guztira.
2023/04/26-an argitaratua