- Gaur goizean, Euskadiko Artxibo Historikoan, euskal emigrazioari buruzko ikerketa bat Australiara entregatzeko ekitaldia egin da
- Euskal Australiar Elkarteak EHUrekin elkarlanean egindako lana 36 ordu baino gehiagoko testigantzek osatzen dute
Euskal Australiar Elkarteak Australiara egindako emigrazioari buruzko ikerketa gordailutu du gaur goizean Euskal Diasporaren Artxiboan (Bilbon dagoen Euskadiko Artxibo Historikoaren parte da).
Ikerlan hau euskal emigrazioaren Australiarako memoriaren ahozko testigantzak biltzean datza. Lan hori Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza zuzen bati esker egin ahal izan da, eta Euskal Australiar Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak gauzatu dute.
60ko hamarkadan Australiara emigratu eta ondoren Euskadira itzuli ziren pertsonek osatzen dute Euskal Australiar Elkartea. Ikerketa lana
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Gorka Álvarez Aranburu Kanpo Harremanetarako zuzendaria izan dira ekitaldian. Euskal Australiar Elkartetik Amaia Urberuaga euskal australiarra eta Esther Corta (ikerketan landa-lanaz arduratzen den espezialista) egon dira. Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean Óscar Álvarez Gila (proiektuaren zuzendaritza zientifikoaren arduraduna) egon da.
36 ordu baino gehiagoko testigantzak grabatuta
Lana Australiara joandako etorkinei egindako elkarrizketak biltzea, deskribatzea eta katalogatzea izan da.
Australiarako euskal emigrazioari buruzko ikerketa lan honetarako 42 pertsona elkarrizketatu dira (31 gizon eta 11 emakume), gehienak beren ohiko hizkuntzan, euskaraz. Hala ere, elkarrizketa batzuk gaztelaniaz eta beste batzuk bi hizkuntzetan ere egin dira. Era berean, elkarrizketatutako pertsona gehienak Bizkaikoak dira eta gaur egun Bizkaian bizi dira. Baina Arabako pertsona bat eta Australian bertan jaiotako beste 6 ere elkarrizketatu dira.
Guztira, 36 ordu baino gehiagoko grabazioa. Eta grabatu diren ahozko testigantza horiez gain, elkarrizketatutako pertsona horiek eta haien inguruko beste batzuek gordailuan utzitako materialak (argazkiak, objektuak eta dokumentuak) ere aipatu behar dira.