2022 urtearen amaieran, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiek baino gehixeagok (%53,2) uste zuten bere gurasoak baino hobeto zeudela, baina gurasoek gaztetan zeukaten egoerarekin, ez oraingoarekin, konparatuta.
Ehuneko hori aurreko urteetan izandakoa baino txikiagoa da eta 2013an soilik (orduan erregistratu ziren mende honetako langabezia-tasarik altuenak) izan zen oraingoa baino baxuagoa.
Bere gurasoak, bere adina zutenean, zeuden egoerarekin konparatuta, hobeto daudela uste duten gazteen ehunekoaren jaitsiera ez da gazteek, egoerari buruz, duten pertzepzioa okertzen ari dela aditzera ematen duen adierazle bakarra; norberaren poztasun indizea ere jaitsi egin da. Azken adierazle horrek norberaren bizitzaren hainbat alderdirekiko poztasuna edo gogobetetasuna neurtzen du, hala nola, osasuna, ikasketa maila, lan egoera, familia-egoera, dirua, emantzipazioa, aisialdia, etab. Indize horrek 2022ko bukaeran 70 puntu biltzen zituen 0 eta 100 arteko eskalan eta hori 2013an hasitako seriearen baliorik baxuena izan da.
Gainera, etorkizunarekiko konfiantza indizea -norberaren egoerak, gazteriarenak, oro har, eta Euskadiko egoera orokorrak datozen bost urteetan izango duten bilakaerarekiko konfiantza neurtzen duena- ere jatsi da eta seriearen baliorik baxuena izan du 2022an (54 puntu, 0-100 arteko eskalan).
Taldeen arteko aldeei erreparatuz gero, ikus daiteke gurasoak gazteak zirenean baino hobeto bizi direla uste duten gizon gazteen ehunekoa emakume gazteena baino handixeagoa dela (% 55,9 eta % 50,3, hurrenez hurren), baina alderik handiena adinak ezartzen duela: adinean gora egin ahala jaitsi egiten da gurasoak, gaztetan, baino hobeto bizi direla uste duten gazteen ehunekoa; hala, 15 eta 19 urte bitartekoen artean % 67,6 da eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, aldiz, % 35,0ra jaisten da.