Abian da euskal ingurune digitaleko emakumeen lana aitortzen duen Gladys Saria

PRUEBA

Gladys Sariak euskal ingurune digitalean lan egiten duten emakumeen eginkizuna aitortzen du, hauen ibilbidea eta proiekzioa sarituz. Honen bidez, neska gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea du helburu, horrela euskal erreferente berriak sortuz.

Ekimena aurkeztu da prentsaurrean, sariaren babesle den Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan. Lorea Arakistain PUNTUEUSeko marketin-zuzendaria, Olatz Arbelaitz UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendaria, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Iker Usabiaga, Danobatgroup industria-taldeko gestio sozialeko zuzendaria egon dira.

Hautagaitza aurkezteko pausuak zeintzuk diren azaldu dituzte, izan ere, norberak edo erakunde batek proposatu dezake hautagaiaren izena. Azken kasu honetan, hautagaiaren merezimenduak azaldu beharko dituzte hautagaitza aurkeztean.

Gladys Sarian izena emateko epea 2023ko ekainaren 20a arte egongo da zabalik www.gladyssaria.eus webgunean.

4.000 euroko saria

Aurtengo edizioko sari ekonomikoa iazkoa baino altuagoa izango da, izan ere, iaz irabazleak 3.000 euro jaso zituen, eta 2023ko irabazleak 4.000 saria jasoko du. Horrez gain, irabazleari bere jarduna azaltzen duen bideo laburra grabatuko zaio antolatzaileek gazteen artean zabaltzeko, eta hauekin adostutako eskoletan eta Kaixomundua.eus lehiaketaren sari banaketan hitzaldi motibatzaileak emango ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Nerea Isasi Bedayok, Gladys Sariaren garrantzia nabarmentzeaz gain, horrelako egitasmoen beharra azpimarratu du: “Etorkizuneko lanbideetan emakumeen presentzia bermatu behar dugu eta, horretarako, STEM alorreko emakumezko protagonistak bistaratu behar ditugu. Gladys Sariak eremu honetan egin dezakeen ekarpena oso handia da, emakume informatikariek egiten duten lana ezagutzeko aukera ematen digulako eta berritzaileak eta puntakoak diren lanak erakusten dizkigulako. Emakumeek zientzia eta teknologiari lotutako lan eta jakintza esparruetan duten presentziari buelta eman behar diogu, berdintasunean aurrera egiteko”.

Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak gehitu duenez, “sari honek ikusgarritasuna ematen die emakume zientzialariei eta gizarte honek behar duen zerbait da, batez ere, oso garrantzitsua delako neska gazteek erreferenteak izatea zientziaren munduan.  Hobeto esanda, garrantzitsua da erreferenteak izatea eremu eta alor guztietan, sentitu dezaten nahi dutena izan daitezkela, eta ez dagoela generoak markaturiko mugarik euren etorkizuna aukeratzerakoan.  Izan ere, ondo dakigu estereotipoek itzelezko eragina daukatela norberak bere buruaz daukan kontzeptuan, eta emakumezkoek jasotzen dituzten aginduen artean, jasotzen dute zientzia eta teknologia mundua gehienbat gizonei dagokiela.”

Profil ugari sektorean

PUNTUEUSeko Lorea Arakistainek azaldu duenez, “sariak helburu ugari ditu, eta horien artean STEM alorretan profil ugari daudela nabarmentzea da”. Izan ere, sektore hauetan aritzen diren profesionalek, zein Gladys Sarira aurkezten diren emakumeek ere, zeregin oso desberdinak dituzte beraien egunerokoan.

Irabazlea izendatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen ditu kontuan epaimahaiak. “Gehienez 40 urte beteko duten emakumeei zuzenduta dago, eta hautagaien egoera pertsonalak bere ibilbide profesionalean izandako eragina izango da kontutan”, adierazi du Arakistainek.

UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea, Olatz Arbelaitz Gallego, sektoreotan emakumezko erreferente berriak sortzeak Informatika Fakultatearentzat zein gizarte osoarentzat duen garrantziaz mintzo da: “Argi dago guk guztiok errazago proiektatzen dugula gure burua zerbaitetan gure antzekoa den jendea bertan ikusten badugu, eta horretarako gertuko erreferenteak behar ditugu”.

“Izan ere, azken urteetan, Informatika eta teknologiekin lotutako ikasketetara gerturatzen den emakume kopuru txikiak, urte askotan gure lurraldean zein mundu osoan %15aren azpitik egon denak, eragin zuzena du etorkizunean esparru digitalean arituko diren emakumeen kopuruan, emakumeek hain bogan dauden lanbide berrietara sartzeko edukiko duten aukeran, eta ondorioz, emakume horiek gizarteari egingo dioten ekarpenean” azaldu du Arbelaitzek.

Gladys Saria PuntuEUS Fundazioa eta UPV/EHUko Informatika Fakultateak sortu zuten 2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren eta Danobatgroup industria-taldearen babesarekin. Aurtengo edizioan Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundea ere batu da sariaren babesle bezala. Iazko edizioan, 20 hautagaitza ebaluatu ziren eta antolatzail eek adierazi dutenez, “proposamenek maila oso altua erakutsi zuten eta gelditzeko etorri den saria dela uste dugu”.

Ane Iturzaeta, lehen saritua

Ane Iturzaeta Agirre (Donostia, 1995) Gladys Sariaren lehen edizioko irabazlea izan zen 2021an. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Informatika Ingeniaritzako Gradu Bikoitza ikasi zuen Deustuko unibertsitatean. Gaur egun Custom Engineer bezala egiten du lan, eta bezeroen enpresak, sektore publiko zein pribatuetakoak, aurrera eramaten laguntzeaz arduratzen da. Horretarako eguneroko erronkei erantzuna ematen saiatzen da, adimen artifiziala eta datuak erabiliz.

Olatz Perez de Viñaspre, 2022ko irabazlea

Olatz Perez de Viñaspre (Gasteiz, 1987) 2022ko Gladys Sariaren irabazlea izan zen. Ibilbide akademikoari dagokionez, sistemen informatikan ingeniari teknikoa eta informatikan ingeniaria da, UPV/EHUko  Informatika Fakultatean burutu zituen ikasketak.  Ondoren, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko (HAP) masterra egin zuen, 2011-2013 urteetan. Azkenik, 2017an, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua doktoretza programa bukatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean, Donostian. Gaur egun irakasle atxikia da, UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia sailean eta ikerketa munduan ere dihardu.

Gladys Sariari buruz

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferente berriak sortu eta haien lana jendarteratzea da. Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen emakume horren lana gogoraraztea ere lehiaketaren funtsetako bat da.