Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 14,8k Europar Batasunarekin lotutako gaietan interes handia duela dio. Beste % 37,1ek nahikoa interes duela esan du. Guztira, gazteen erdiak (% 51,9) interesa du Europar Batasunaren inguruko gaietan.
Gizon gazteak emakume gazteak baino interesatuago agertzen dira Europar Batasuneko gaiei dagokienez. Gai honi buruzko interesa handitzen doa adinean gora egin ahala ere.
Datu hauek Gazteen Euskal Behatokiak 2022ko urriaren 25etik azaroaren 2ra arte egindako inkesta online batetik atera dira.
Gainera, 2023an, Europar Batasunean konfiantza duten 18 eta 29 urte bitarteko gazteen ehunekoa % 53 da, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratu duen azken Euskal Soziometroan agertutako datuen arabera (79. Euskal Soziometroa).
Euskadiko gazteek Europar Batasunean duten konfiantzaren bilakaera aztertuz gero, ikus dezakegu 2010ean, seriearen hasieran, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen erdiak baino gutxixeago zirela Europar Batasunean konfiantza zuten gazteak (% 47). Krisialdi ekonomikoarekin batera, konfiantza jaitsi zen eta 2014an gazteen % 39k esaten zuen konfiantza zuela EBn. Geroago, Europar Batasunak gazteen konfiantza berreskuratu zuen eta, 2019 eta 2022 artean, % 60tik gora zegoen. 2023an berriro jaitsi da, baina, hala ere, 2019aren aurretiko zifretatik gora mantentzen da eta aurten Europar Batasunean konfiantza duten gazteen ehunekoa % 53 da.